Ortziralean hasiko da Mairu Antzerki Tailerrak antolatzen duen “Keinu Leihoak 07” antzerki zikloa. Asteburuan eta ondoko ortziralean antzerki zaleek hitz ordua izanen dute Lesakan.
Dagoeneko hirugarren urtea da Lesakako taldeak antzerki ziklo hau antolatzen duela, eta aurten ere egitarau anitza prestatu dute, estiloak nahastuz eta herrialde ezberdinetako taldeak ekarraraziz. Lehen emanaldia ortziral arratseko 22:00etan izanen da Kasinon, Pierre Vissler eta Mixel Etxekoparrek eskainiko duten Klown eta Musika. Pierre, irratiarentzat soinuak sortzen eta antolatzen hasi zen, hitzak eta hitzen musika erabiliz. Orain, antzeztoki baten gainean, isila, sudur gorri baten gibelean gordetzen da. Dibertimendua ez duenez gustuko, pailazoaren bidez adieraztea hautatu du. Bere buruaz ez da trufatzen, baina ikusleei bere ahuleziez gozatzea proposatzen die. Horretarako Mixelen musikaren laguntza izanen du, Izturitzeko xirula lekuko, Zaharraren berritasuna bilatzen, berriaren betikotasuna edireiten duen musika sortzailearena. Gotaine Irabarnen bizi, eta bertako txori eta artzainen ikasle finena. Biharamunean Gaitzerdi Teatro taldearen txanda izanen da Arnasa izeneko antzezlanarekin. Emanaldi hau Plazan eskainiko da arratsaldeko 20:00etan. Arnasak beirazko kutxa batean sartuta dauden bi pertsonaien istorioa kontatuko digu, egoera horretan harremanak zeintzuk diren azalduz. Asteburuko azken emanaldia berriz ere Kasino ostatuan izanen da igande arratsaldeko 20:00etan. Bizkaiko Gilkitxaro Antzerki Taldeak Honululu Leku Bat antzezlana eskainiko du. Antzezlan horrek etxebizitzaren gaia aipatuko du. Protagonista nagusiek, Elmer eta Lulu tokian toki eta lukz leku esperimentatzen ibiliko dira. Keinu Leihoak 07ko azken emanaldia heldu den ortziralean zortzi eskainiko da, maiatzaren 4ean hain zuzen ere. Hau ere Kasinon izan da arratseko 22:00etan. Hiru Punttu Behe Nafarroako taldeak Antton Lukuk idatzitako Baionan bizi eskainiko du. Komedia honetan, umorea, pertsonaien aberastasuna eta oraingo jendarteaz arituko dira.