Pirritx eta Porrotx Beran izanen dira asteazkenean

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 23a

Emanaldien ondotik eskolak euskalduntzeari buruzko bertsoak kantatuko dituzte hainbat ikaslek

Asteazkenean, Pirritx eta Porrotx pailazo famatuak berriz ere gure eskualdean izanen ditugu Mari Motots ikuskizuna eskainiko baitute Beran. Hitz ordua Bai Eskolak Euskalduntzeari ekimenak antolatu du. Hortaz, emanaldien ondotik gai honi buruz Bortzrietako Bertso Eskolak prestatutako bertsoak kantatuko dituzte hainbat ikaslek.

Bi pailazoek ikasturte huntan herriz herri eskaintzen ari diren ikuskizuna eskainiko dute, hau da Mari Motots, zabor batean bere amarekin bizi den neska bihurri xamar baten istorioa. Formato alai eta bizi batean Pirritx eta Porrrotxek natura eta pobrezia izaten dituzte aipagai. Ohi bezala kanta eta dantza erabiliz, haur guziak ez direla baldintza berdinetan handitzen erakusten dute, eta bidenabar jostagailuak ez direla beharrezkoak ongi pasatzeko. Asteazkenean bi emanaldi eskainiko dituzte, bata arratsaldeko 16:30ean eta bertzea 18:30ean. Sarrerak salgai daude, Errekalde ostatuan, Agara dendan, Kattu ostatuan eta Izarra okindegian 5 eurotan.

Bi emanaldi hauek Bai Eskolak Euskalduntzeari ekimenak antolatu ditu Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin. Ekimen horrek aldarrikatzen du eskolak Euskal Herriko haur guziak euskaldundu behar dituela. Izan ere, gaur egungo hezkuntza sistemak ez du bermatzen derrigorrezko eskolatze garaia bukatzean haur guziek euskara dakitenik. Hortaz, emanaldien ondotik, aldarikapen gisa, Bortzirietako Bertso Eskolak Gai horri buruz idatzitako bertsoak kantatuko dituzte Bortzirietako hainbat ikaslek Pirritx eta Porrotxen laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun