Berako haurrentzako II. Argazki Rallya lehena bezain arrakastatsua izan da

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 23a

Ateratako argazkiekin heldu den astean kultur etxean irekiko den erakusketa osatuko dute

Argazki Rallya zela eta, joan den larunbat goizean Berako 90 bat haur herrian barna ibili ziren argazki hoberenaren bila. Ateratako lan guziekin erakusketa antolatuko dute heldu den astean herriko kultur etxean.

Bigarren aldia zen Rikardo Baroja Ikastetxeko Guraso Elkarteak ekimena antolatzen zuela. Lehen edizioa 2005ean izan zen, eta orduan, Berako hiru eskoletako 100 bat lagun hartu zuten parte, denak Lehen Hezkuntzako 2, eta 6 arteko mailakoak. Aurtengoan Jesusen Bihotza, Rikardo Baroja eta Labiagako 90 aritu dira argazkiak ateratzen. Antolatzaileek Ttipi Ttapari erran diotenez, lehen edizioan baino jende guttixiago ibili da, hala ere hagitz kontent gelditu dira parte hartzea adierazgarria izan delako.

Behin gaia hautatu eta gero, argazki zale gazteak, 3 laguneko taldetan banaturik herrian ibili ziren argazki ederrena ateratzeko asmoarekin. Arrakasta gehien izan zuten gaiak, baserriak eta natura izan ziren, hala nola etxeak, animaliak eta landareak bertzeak bertze. Talde bakoitzak 3 ordu izan zituen, antolatzaileek emandago argazki makinak ahalbideratzen zituen 27 argazkiak ateratzeko. Eguraldi paregabea zutela ez zitzaien batere zaila egin kolore eta argitasun politak zituzten paisai eta fondoak aurkitzea.

Hiru orduak bukatzean haurrek argazki makinak itzuli behar izan zituzten haien lanak errebelatu ahal izateko. Emaitzak zeintzuk diren ikusteko ortzegunean bilduko dira berriz ere, eta orduan taldeko kideek ateratako argazkien artean 8 aukeratu beharko dituzte horma-irudia bat osatzeko. Azken hauekin Berako Kultur Etxean maiatzaren 2tik 4era irekia izanen den erakusketa osatuko dute. Parte hartu duten guzien artean zozketa bat eginen da dozena bat sari banatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun