Haurrentzako argazki rallya bihar eginen dute

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 20a

Parte hartu nahi dutenek hitz ordua goizeko 10:00etan izanen dute Rikardo Baroja ikastetxean

Berako eskoletan ikasten duten haurrei zuzendutako argazki rallya antolatu du aurten ere Rikardo Baroja Ikastetxeko Gurasoen elkarteak. Herria hobeki ezagutzeko eta argazki zaletasuna bultzatzeko ekimena larunbatean iraganen da goizeko 10:00etatik aitzinera.

Rallya Beran ikasten duten Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua da lehen mailakoak izan ezik. Guraso elkarteak antolatzen duen ekitaldian ongi pasatzea bada helburu nagusietariko bat, hunen atzean pedagogikoak diren bertze batzuk badira, hala nola, lana taldean antolatzea guzien iritziak kontuan hartuz, herriko txokoak ezagutzea eta argazki zaletasuna piztea.

Taldekako rallya denez haurrak hirunaka aurkeztu beharko dira Rikardo Baroja ikastetxean goizeko 10:00etan, eta antolatzaileengandik argazki-makina eskuratu ondotik hiru ordu izanen dituzte hautatu duten gaiari buruzko hainbat argazki ateratzeko. Behin hauek errebelatuta, haurrak berriz bilduko dira, eta ateratako argazkien artean aukeraketa egin ondotik horma-irudi bat osatu beharko dute. Egun batzuk beranduago egun horretan ateratako lanekin erakusketa eginen da Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun