Artea izeneko antzezlana ikusgai izanen da larunbatean Beran

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 19a

Obrak 35 hizkuntzetan itzulia izan da, eta 1998an New Yorkeko Tony Award saria jaso zuen

Berako Euskara Batzordea antolaturik, heldu den larunbat arratseko 22:00etan Artea izeneko antzezlana ikusteko aukera izanen da Berako Kultur Etxean. Asier Hormaza, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirre aktoreek eskainiko duten antzezlanean hiru lagunen arteko harremanaz arituko dira.

Antzerkian, lagunetako batek artelan garesti bat erosiko du, eta beste batek artelan horrek eragiten dioen gorrotoa erakutsiko dio. Biak, ika-mikan ari direla, hirugarrena bitartekari izaten saiatuko da. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna dena, adiskidetasunari buruzko eztabaida latzean bilakatuko da laster.

Artea antzezlana Yasmina Reza egile frantsesak idatzi zuen eta 1998 estreinatu zen. Urte berean, New Yorkeko Tony Award saria jaso zuen eta ondoko urteetan 35 hizkuntzetara itzulia izan da. Julia Marinen itzulpenari esker orain euskaraz ere gozatzen ahalko da. Duela gutti Euskararen Udal Patronatuak eta Donostiako Kulturak antolatu duen VII. Donostia Antzerki Saria irabazi du.

Antzerkia gustukoa dutenentzat Ttipi Ttapak bi txartel eskaintzen ditu. 948 635 458 telefono zenbakira deitzea baizik ez duzue. Bestela, leihatilan bertan, sarrera 6 eurokoa izanen da

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun