Bera, Doneztebe eta Baztanen egin duten gisara Lesakan ere zerbitzuen elkartea osatzen aritu dira azken hilabete hauetan. Hunen aurkezteko elkarteko dozena bat kide bildu dira asteazken eguerdian.
Aurkezpena orain baizik ez badute egin aspalditik ari dira lanean eta batzordea, logotipoa eta estatutuak dagoeneko adostu dituzte. Elkarte berriarekin, Lesakan bertan eskaintzen dituzten zerbitzuak sustatu nahi dituzte elkarren artean lan eginez. Zuzendaritza batzordean, hauexek arituko dira. Maite Igartzabal elkarteko presidentea izanen da eta Ana Igoa berriz presidente ordea. Idazkaritza lanak Javier Oronozek eginen ditu, eta diruzaina Rosa Lasaga izanen da. Batzordea osatzeko bertze 3 lagun arituko dira Iñaki Portu, Esther Altzugarai eta Marian Mendiberri. Gaur egun elkarteak 32 zerbitzu emaile biltzen ditu, farmazia, janari dendak, ile-apaindegiak, estetikak, jantzi dendak, arraindegiak, liburu dendak eta estankoak bertzeak bertze. Gaur emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, estatuek eskatzen duten bezala batzordea izendatu badute ere, argi utzi dute batzarra bezala lan eginen dutela elkartea osatzen dutenen iritzi guziak jasotzeko eta kontuan hartzeko.
Aitzineko hilabeteetan elkartearen logotipoa aukeratu zuten. Horretarako lehiaketa egin zuten, eta 9 obren artean Urtzi Llarena bizkaitarrarenak irabazi zuen.
Momentuz proiektu berezirik ez dute aurreikusi hasieran poliki-poliki ibili nahi dutelako elkartearen oinarriak sendotu arte, baina adierazi dutenez uda aldera sustapenak egin nahiko lituzkete eta udazkenean ikastaroekin hasi.