Duela bi hilabete aipatu bezala, Sagrario Goñik, Turismo Kontseiluak banatzen duen Nafarroako Erreinua saria eskuratu zuen asteartean, Baluarten ospatutako ekitaldian. Hunekin batera bertze 5 erakundek eskuratu zuten.
Sagrariok enpresa edo enpresari turistikoen saileko saria irabazi zuen, eta ekitaldi ofizialean iazko irabazleen eskutik jaso zuen, AC Hotelen presidentea den Antonio Catalanen eskutik hain zuzen ere. Sari horrekin 1995az geroztik beratarrak egin duen lana eskertu nahi izan da. Urte hartan Olaseneko Borda landetxea bihurtu zuen, eta urteak pasa ahala turismoarekin lotura duten hainbat elkarte eta erakundeetan aritu da. Gaur egun, Hiruak Bat landetxeen elkarteko presidentea da, baina denbora berean, Nafarroako Erakunde eta Elkarte Turistikoen Federazioko presidentea, eta Asetur, landa eremuko turismoko elkarte espainola, eta Nafarroako Turismo kontseiluko kidea.
Sagrariorekin batera sarituak izan ziren bertze 5 erakundeak hauexek izan ziren, Iruñeko udala tokiko erakunde, partzuergo turistiko eta udalen sailean, Nafarroako Ostalaritzako Enpresarien Elkartea enpresarien elkarteen sailean, Tuterako Orden del Volatin turismo arloko bertze elkarteen sailean, Tuterako 33 jatetxea ostalaritza sailean eta Turismo Enologikoaren Agentzia Entre Vinos zerbitzu emaileen sailean.