Eguraldia lagun zutela iaz baino gazte gehiago bildu ziren Lesakako Herri Olinpiadak jokatzeko. Bestalde giro ederra aprobetxatuz ikusliar andana bat pasatu zen Plaza Zaharrekin herriko gazteen arteko lehia ikusteko.
Aitzineko edizioan bezala 6 taldek hartu zuten parte, Superkuadri, Gaztain Biltzaileak, Mox Matxakaran, Xamin Goxuk, Dinamo Banarta eta Atxuk taldeak. Goizean egitarau arina izan zuten. Batzuk madauli jokoan aritu zirelarik talde bakoitzeko bik eguerdiko bazkaria izanen zen, eta txapelketarako balioko zuen paella egiten aritu ziren. Hortaz gauza serioak arratsaldean hasi ziren, tripa ederki beteta zutenean. Klasikoak eta hain klasikoak ez diren joko eta probak aldizkatuz joan ziren, hala nola, laranja jokoa, aulki jokoa, zapiaren jokoa, taldekideari txokolatea janaraztea eta bertze hainbertze. Proba guziak bukatuak zirela, kontuak egiterakoan, aurtengo txapeldunak Mox Matxakaran taldekoak izan ziren. Egun guzia ederki pasatu bazuten jokoekin, ez ziren horretan gelditu eta olinpiadak bukatu bezain laster triki bertso poteoarekin segitu zuten. Arratsean aurreikusi bezala Irungo Haitzulo eta Doneztebeko Eko4 taldeak aritu ziren Arrano ostatuan.