Erdi aroko azoko ospatu zen atzo Lesakan

Goizalde URDANPILLETA 2007ko apirilaren 16a

TTIPI TTAPA

Juan de Albret eta Catalinak Lesakari 1490. urtean hiri izendapena eman zioten, eta horrekin batera feriak ospatzeko eskubidea

Udazkenekoak mantentzen dira, baina udaberrikoa aspaldi galdu zen.Hala, orain 4 urte feria berreskuratzeko saiakera egin zuten, baina erdi aroko itxura hartuz. Lesaka herria horretarako aproposa bilakatzen da Zabaleta eta Minyurinea dorreak bertan kokatzen bai dira.

Napar Bideak elkartea da erdi aroko azoka hauen antolatzailea. 1994. urtean sortu zen Napar Bideak, Nafarroako elikagai artisauen elkartea. Nafarroako artisau produktuak defendatu eta sustatzea du helburu.

Napar Bideak elkarteak antolatzen dituen erdi aroko azoken barne, Lesakakoa dago. Aurten 4. edizioa ospatu da.

Goizean jende dexente ibili zen, baina agian, bertze urteetan baino gutxiago, nahiz eta eguraldia nahiko ongi portatu zen. Eguerdi partean postuak itxi egin ziren eta arratsaldean, berriz ere eskaintza bereziez gozatzeko aukera izan zen.

Udaletxeko arkupeetan informazio txokoa kokatuta zegoen, aparkalekuan kanpamendua eta arku-tiroa, plazan zaldiak, poniak eta dantzaldia eta herriko kaleetan 40 artisau postu. Denetarik ikus zitezkeen: larrua, elikagaiak, beira, oinetakoak, papera, pitxiak… Eskaintza zabala eta interesgarria, kontutan hartuz eskaintzen ziren produktu guztiak artisau modura eginak zirela. Hainbat artisau beren postuetan lanean ikus genitzakeen. Ipuin kontalariak, falkoneria, ezpata torneoa, kale antzerkia, erdi aroko kanpamendua, perkusio eta gaita taldea…proposamenak ez ziren gutxi izan.

Aurten zenbait aldaketa sartu dira eta hala, haurren jokoak Zabaleta dorre azpian egin dira. Gurasoak, haurrak…denak haur bilakatuak. Beraz, 4. edizio arrakastatsua ospatu da Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun