Euria eta euria, egun bat bai eta hurrengoa ere berdin… Egun horietan berriki arte egun osoak euritan izan baditugu ere, Korrikak erauntsi guttiko tarteak ere izan zituen. Herrian Ekaitza Elkarteak eta eskolak antolatutako Korrikan ere ateri izan zen. Herrian barna eta inguruan itzulixka giro ederrean egin zuten parte hartu zutenek. Aitzinean megafoniako furgoneta bat zihoala, ordu batez gustura egin zuten Korrika. Adin guztietako haurrak, gazteak, gurasoak, helduak, gurasoak haur ttikiak kotxean edo besoetan zituztela, partaide izan ziren. Gero merienda goxoa egin zuten haurrek, eta beranduxeago, helduxeagoek merienda-afaria egin zuten Korrika nagusirako indarrak hartzeko. Arratsean ere herritar sailak laster egin zuen: Arantzako Gazte Asanblada, Ekaitza Elkarte eta Herri Eskolak zegozkien kilometroetan egon ziren Berrizaun inguruan.