Biurrana eta Onin bideratu eta erreka bazterrak txukuntzeko bi milioi euroko laguntza izanen da

Aitor AROTZENA 2007ko apirilaren 16a

Irubide, Sumusa, konbentua, Osasun Zentroa eta Beko Errotako zubiak berrituko dira

Biurrana eta Onin errekak bideratu eta ingurumen aldetik berreskuratzeko lanak aurten hasiko dira. Espainiako Diputatuen Kongresuan Nafarroa Bai koalizioak aurkeztutako proiektuak 2.289.900 euroko aurrekontua izanen du. Biurrana eta Onin erreketako bina lekutan eginen dira hobetze lanak. Irubide inguruan, 300 metrotan eginen dira lanak errekaren bi aldeetan, 24.961 euroko gastuarekin. Irubideko zubia bota eta berria ere eginen da. Aceralia parean ere bertze 300 metrotan moldaketa lanak eginen dira. Sumusako zubia ere bota eginen da eta berria eraiki, 221.712 euroko gastuarekin. Onin errekari dagokionez, igerileku inguruko 100 metrotan zuhaitzak landatuko dira, tratamendua eginen da eta konbentuko zubia bota eta berria eraikiko, 435.617 euroko gastuarekin. Landazelaian eginen da moldaketa zatirik handiena, 750 metro, Osasun Zentrotik hasi eta Tomasenekoborda bitartean. Errekaren bi aldeetako moldaketa eta landatze lanez gain, Osasun Zentruko eta Beheko Errotako zubiak berrituko dira eta pasabide berria eginen da. Inguru honetan eginen den gastua 749.493 eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun