Erdi Aroko Azoka aitzakia, egun goxoa pasatzeko aukera izanen da igandean, Lesakan

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 13a

Aurtengoan garai haietako kanpamenduak nola izaten ziren ikusteko aukera izanen da

Azken 3 urte hauetan Lesakako udaberriko hitz ordu nagusietariko bat bihurtu den Erdi Aroko Azoka igandean ospatuko da herriko karriketan. Aurtengo berrikuntza nagusia Plaza Zaharrean paratuko duten garaiko kanpamendua izanen da dudarik gabe.

Goizeko 10:00etatik aitzinera ekitaldi franko ikusteko aukera paregabea egonen da. Alde batetik feria bera, 40 artisau baino gehiagorekin, saski, barrika, saboi eta ziri egileak, belar saltzaileak, eta ohiko, gasna, ezti eta ogi saltzaileak. Bertzaldetik norberak bere eskulana egiteko parada izanen du bertan emanen diren tailerren bitartez, zeramikarena, beirarena eta buztinarena bertzeak bertze. Azkenik guzi horren inguruan giroa pizteko musikariak, malabaristak eta erakustaldiak ez dira faltako.

Urtetik urtera edukia hobetu nahian, aurtengoan, antolatzaileek erdi aroko bizia islatuko duen kanpamendu bat ekarraraziko dute eta Plaza Zaharreko aparkalekuan paratuko. Berrikuntza horren bitartez, garai haietan kanpamendu batean bizi baldintzak zeintzuk ziren ikusteko aukera izanen da, lan egiteko moduak eta dekorazioak, eta horretaz gain, nahi dutenek arku jaurtiketa probatzen ahalko dute.

Beti ere feria hobetu nahian eta urtetik urtera jende gero eta gehiago hurbiltzen delako, egitasmo guziak guneka antolatu dituzte. Artisau eta tailerrak herri erdiko karriketan hedatuko badira, gainerako ekitaldiak gune berezi batzuetan egonen dira. Herriko Etxeko arkupetan azokari buruzko informazioa jasotzen ahalko da. Zabaleta dorrearen atarian berriz, haurren xokoa izanen da, aitzineko urteetan aparkalekuan ziren jokoekin eta falkoneriarekin. Plaza Zaharrean zaldi eta ponietan ibiltzeko aukera eskainiko da, eta azkenik arestian aipatu bezala, erdi aroko kanpamendua aparkalekuan egonen da.

Arratsaldeko 19:00etan, azoka dantzan bukatzeko mutxikoak eta bertze hainbat erako dantzetan parte hartzen ahalko da Patxi Perezekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun