Astelehenean zabalduko da Berako Musika eskolan izena emateko epea

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 12a

Irailean ere egiten ahalko da baina orain egiten dutenek lehentasuna izanen dute

Isidro Fagoaga Berako musika eskolak aurre-matrikulatzeko epea irekiko du heldu den astean, astelehenetik aitzinera eta maiatzaren 18a arte. Irailean izena emateko bertze aukera bat eskainiko dute.

Anitz dira Berako Musika eskola ikasten ahal diren ikasgaiak, tartean, musika hizkuntza, musikaren kultura, pianoa, akordeoia, trikitixa, txistua, perkusioa, tronpeta, biolina, saxofoia, klarinetea eta gitarra. Interesatuak direnek musika eskolan eskatu edo www.berakoudala.net-en deskargatu daiteken inprimakia bete beharko dute eta idazkaritzara itzuli. Orduan bankutik 34 euro kobratuko zaizkie, eta heldu den urterako izena emana izanen dute. Aurtengo ikasturtean dagoeneko ikasten ari direnak gauza bera egin beharko dute eta automatikoki onartuak izanen dira. Ikasle berriei dagokionez, aurre-matrikulazioak aurkezten diren ordenan sailkatuko dira, eta lehenik egindakoek lehentasuna izanen dute, eta gisa berean izanen da udaberrian edo irailean hartutakoen artean. Taldeak osatu eta gero ordutegia finkatuko dira. Jakin behar da familia handien kasuan aurre-inskripzioaren %50 baizik ez dela ordainduko. Horretarako ziurtagiria aurkeztu beharko da bete beharreko inprimakiarekin batera. Ordainketa 10 hilabetetan hedatuko da eta kuotak ikasturte hasieran finkatuko dira.

Bestalde, Musika Eskola utzi nahi dutenek aurre-matrikulaziorako irekitako epean jakinarazi beharko dute idazkaritzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun