Urtero bezala udaberria aldian Lesakako gazte Asanbladak herri olinpiadak antolatu ditu. Aurten, larunbat honetan jokatuko dira goizeko 10:00etatik aitzinera. Bestalde eguna bukatzeko kontzertua eginen da Arrano ostatuan Eko4 eta Haitzulo taldeekin.
Parte hartu nahi dutenek hitz ordua izanen dute goizeko 10:00etan Plaza Zaharren ekitaldi gehienak bertan iraganen baitira. Bazkaldu arte bi joko baizik ez dituzte eginen, talde bakoitzeko bi kidek txapelketarako paella prestatzen dutenean gainerakoak Mandauli Jokoan arituko dira. Arratsaldean berriz, ordu batzuk goizago egindako paellak jan ondotik, bertze joko eta proba franko eginen dituzte hala nola, aulki jokoa, laranja dantza, ardo dastatzea begiak tapaturik, arrauna eta era anitzeko hainbat proba konbinatuak bertzeak bertze. Egun osoa giro onean pasatu nahi duen edozeinek parte har dezake bere izena emanez ohiko ostatuetan. 5 euro ordaindu beharko dira bazkaria barne egonen delarik.
Puntuazioa, sari banaketa eta lehia alde batera utziz, eguna besta giroan segituko dute. Horretarako, 20:00ak aldera, triki bertso poteoa eginen dute ostatuz ostatu. Azkenean, arratsean, eguna borobiltzeko Irungo Haitzulo eta Doneztebeko Eko4 taldeak entzuteko aukera izanen da Arrano ostatuan.