Euskal Herriko itzuliko hirugarren etapan Patxi Vila Lampre taldean aritzen den txirrindulari beratarra profesionaletako bigarren garaipenetik hagitz hurbil ibili da. Zoritxarrez, guttigatik bada ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan du Angel Viciosoren gibeletik.
Karrantza eta Gasteizen artean egin behar zituzten 173kmak bukatzerakoan 6 lagunez osatutako ihesaldia ailegatu da helmugara garaipena jokatzeko. Zoritxarrez Beratarrarentzat joko horretan azkarrena Relax Gam taldeko Angel Vicioso izan da. Hala ere Patxi Vilak bigarren postua lortu du eta Iker Camañok hirugarrena. Sailkapen orokorrari dagokionez, asteazkeneko garaileak faborito guziak ederki harrapatu ditu eta maillot horia jantzi du bigarrenari bi minutuko aldea kenduz. Patxi Vila 52. postuan dago 4 minutu eta 13 segundora.
Indarrak gelditzen bazaizkio Beratarrak ederki ezagutzen dituen errepideetan erasotzeko aukera izanen du, ortziralean, azken aurreko etapan, Euskal Herriko Itzulia gure eskualdetik pasatuko baita. Lekunberri eta Oiartzunen arteko 169kmko etapan, Huitziko mendatetik jaistean Leitzara ailegatu dira eguerdiko 14:00ak aldean. Hortik aitzinera Usategietako mendatea pasatu ondotik Doneztebeko bidea hartuko NA-170 errepidean barna. Ordu bat Beranduago Malerrekatik Bortzirietara joanen dira N-121-A errepidetik. Azkenik Lesaka zeharkatu ondotik, Agiñako mendatea eta Aritxulegiko mendatea igoko dituzte Gipuzkoa aldera urruntzeko. Azken aurreko etapak 6 mendate izanen ditu, bi 3. kategorikoak, Huitzi eta Usategieta, hiru 2. kategorikoak, Agiña, Aritxulegi eta Erlaitz eta lehen kategoriko bat, Jaizkibel. Helmuga Oiartzunen izanen da arratsaldeko 16:30ak aldean.