Euskal Selekzioak 4 eta 2 galdu zuen Argentinan

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 10a

Espanyolen aritzen den Ane Bergara beratarra bigarren zatian aritu zen

Joan den ortziralean emakumezkoen futboleko Euskal Selekzioak Argentinaren aurka aritu zen Buenos Airesen. Bertze behin ere Sebastian Martija hautatzaileak Ane Bergara Beratar gaztea deitu zuen nazioarteko partida hau jokatzeko.

Joan den irailean etxean 2 eta 4 galdu ondotik, Euskal Herriko neskek errebantxa hartu behar zuten, baina partidan sartzea kostatu zitzaien. Argentinarrek ederki aprobetxatu zuten, eta 3 eta 0 aitzinatu ziren markagailuan. Hala ere, Euskaldunek ez zuten etsi, eta 10 jokalariekin aritzen baziren ere, 2 gol sartzea lortu zuten. Zoritxarrez etxekoek laugarren bat lortu zuten, eta norgehiagoka horretan bukatu zen, 4 eta 2 etxekoentzat. Ane Bergara bigarren zatian aritu zen, eta berekin egon garenean bere iduriko partida txukuna egin zuen ohitua ez dagoen postuan, zelai erdian ezkerraldetik. Euskal selekziora aipatzerakoan erran digunez, oraindik egoera kaskarrean dago baina gero eta hobekiago doa, eta etorkizuna baikor ikusten du.

Euskal Selekzioaren kontuak alde batera utziz, ligako lider zihoan Athletic taldeari kendutako 3 puntuak zer iruditu zitzaion galdetu diogu. Denboraldi hasieran Bilboko taldeak La Puebla herriaren aurka galdu zuen, baina azken hauen taldean behar ez zuen jokalari bat aritu zelako garaipena eta 3 puntuak Athleticekoei eman zitzaizkien. Duela aste batzuk federazioak iritziz aldatu zen eta puntuak kendu zizkien. Beratarraren ustez, azken erabakia ona da, azkenean zelaian erakusten dena baita garrantzitsuena.

Txina, Errusia, Mexiko eta Brasilgo federazioak dagoeneko proposatu dira Euskal Selekzioaren aurka aritzeko heldu diren hilabeteetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun