Berako III. Mendi Maratoi Erdia apirilaren 29an eginen da, Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatuta, eta 400 parte hartzaile espero dira. Dagoeneko ehun bat lagunek izena emana dute. Aitzinekoek bezala, hirugarren aldi honek ere 21 kilometro izanen ditu, baina bertzeetan izan ez duen ikutu berezia ematen saiatuko dira antolatzaileak. Lasterketa honen sortzaile izan ziren Luis Mari Pikabea «Loro» eta Xabier Zubieta «Zubi» eta Xabier Saralegi lehenengo edizioan parte hartu zuena omenduko dituzte.
Ibilaldiak 21 kilometro izanen ditu eta 9:45ean abiatuko da Berako kiroldegitik. Denbora eta pasalekuak ere zehaztu dituzte, baita erretiratzeko puntuak ere. Antolatzaileen arabera, lasterketa honen helburua bertze batzuetarako prestatzea da: Euskal Herriko Mendi Lasterketa eta Euskal Herriko VI. Kopa, hain zuzen.
Dagoeneko izena emana duten ehun horien artean egonen diren horietako batzuen izenak ere jakinarazi dituzte antolatzaileek www.manttale.com webgunean, izen ezagunak tartean: Juan Mari Garin beteranoa –estreinakoz–, Fernando Etxegarai –lehenengo edizioko irabazlea–, Imanol Etxeberria –iazko Zegama-Aizkorri Maratoian lehen euskal sailkatua– eta Unai Berazabal–txirrindulari ohia–. Asiera Urdanpilleta, Arkaitz Zamakona eta Unai Santamaria ere bertan izanen dira.
Lasterketa ikusi ahal izateko, mendi martxa ere antolatu dute. Kiroldegitik abiatuko da 9:00ak aldera, eta 9. kilometroan lasterkariak pasatzen ikusi eta berriz herrira itzultzeko.
Izen ematea
Partaide kopurua 400ean ezarri dute antolatzaileek, eta oraindik badago aukera. Izen-ematea Internet bidez egin behar da: web orrialdean sartu eta hor eskatzen den inprimakia bete eta 18 euro sartuz aipatzen den kontuan. Izena eman eta diru-sarrera egina dagoenean, izen-zerrenda zabalduko da. Dortsalak, berriz, maratoiaren bezperan banatuko dira, apirilaren 28an, Gure Txokoa Elkartean, 16:30etik 18:30era. Gisa berean, aipatu, egun berean, 19:00etan Kultur Etxean lasterketaren aurkezpena eginen dela ibilbidearen nondik norakoak azaltzeko.
Lasterketaren ondotik, 13:30etik aitzinera omenaldia eskainiko zaie Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiri. Ondotik sari banaketa eta luntxa eginen dira.
Harremanetarako telefonoak ere paratu dituzte:
+
606 381904(Rafa Pombar)
609 981147 (Patxi Pikabea)
657 725883 (Bautista Telletxea)
670471200 (Txomin Irazoki).