Eskutitz honen bidez, Beran «Ugaldeko pisu berriak egiteko obrekin bizilagunak kexu dira» izenburuarekin argitaratutako artikuluari buruz, hainbat argibide eta zehaztasun adierazi nahi ditugu. Lehenik eta behin, erran, Unidad Bera SL promotorea gure lur-eremuan dagoeneko sartu dela eta, gurekin hitz egin gabe, zati bat lurreratu duela, hain zuzen, Hamalauenea etxebizitzetako berdegunearen zati haundi bat, kiroldegiko sarreraren ondoan gelditzen dena. Eta, gure harridurarako, martxoaren 6an obretako enkargatuak auzolagunoi ondoko zementuzko sarbidea ere bota behar zutela erran zigun. Horregatik, hurrengo goizean bizilagunok elkartu ginen gure garaje eta trastelekuetako sarbidea suntsitu behar zutenaren beldur. Beraz, guk obrak ez ditugu inoiz geldiarazi, gure lur-eremua defenditu baizik. Beraiek jakinen dute obrak zergatik gelditu zituzten eta zertarako.
Bertzetik, adierazi nahi dugu gure etxebizitza-idazkietan argi eta garbi ageri dela gure lur-eremuaren mugak zeintzuk diren eta zernolako jabetza mota duten. Ondorioz, uste dugu gure eskubidea dela gure lur-sailak hausten ez uztea, edozein beratarrak eginen lukeen bezala.
Halaber, Unidad Bera SL promotoreak akta notariala eta banku-abala eginak dituztela badakigu. Baina, idazki horiek zein baliogarritasun izanen ote duten kaltetutako bizilagunekin mintzatu gabe eta deus ez adostu gabe eginak badira?
Azkenik, Berako herritar guztiei gonbidapena luzatzen diegu gure lur-sailetara hurbiltzeko eta nahi adinako zehaztasunak eta argibideak emateko.
Hamalauenea eta Euskaldunako bizilagunak