Iaz bezala denboraldia hasi eta berehala hartu dute aurtengo Nafarroako lehendabiziko izokina. 6,2kg zituen arrainak Nicasio Altunak atera du 50eko putzuan.
Urak goitituak baziren ere, igandean baldintza ezin hobeak ziren arrantza denboraldiko lehen egunerako. Hortaz ohi bezala hamarka arrantzale hurbildu ziren Bidasoara Lehendabizikoa harrapatzeko asmoz. Goizeko 10:30ak aldera, Nicasio Altuna 67 urteko irundarraren txanda ailegatu zen 50eko putzuan. 5 minuturen buruan saiatzen eta saiatzen ari zela, kaña makurtu zitzaion bazirudien lehendabizikoa harrapatu zuela. Hala ere, uretik ateratzeko gogor lan egin behar izan zuen, baina 10 minuturen buruan garaikurra lortu zuen arrantzale Irundarrak. Nicasio duela 14 urte hasi zen arrantzan, eta igandekoa bere lehen Lehendabizikoa zuen.
Izokinak 88cmko luzetasuna zuen eta 6,2kgko pisua. Mikroship gabekoa, eta adituek ziotenez, bizpahiru urte eman ditu itsasoan, duela 10 bat egun Bidasoara sartu baino lehen.
Hurbildutako arrantzaleen zorionak errezibitzen zituela, Juan Otamendi Berako Ehizi eta Arrantzaleen elkarteko presidenteak Lehendabizikoa harrapatzen duen oroigarria eman zion. Hasiera batean, arraina beretzat edukitzea pentsatzen zuen Nicasiok, baina azkenean Asturiaseko jatetxe bati saldu zion 2000 eurorengatik.
Denboraldia 50. izokina ateratzen denean hetsiko da, edo bestenaz uztailaren 15ean.