Ekitaldiz betetako udaberria prestatu dute Lesakan

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 30a

Lehen hitz-ordua igandean izanen da Munduko Herrialde eta Kultur Topaketekin

Udaberria Lesakan aurkezteko, Cederna-garalur elkarteko Arantxa Arregik, Deñe Abuin kultur zinegotziak, eta Belen Mutuberria kultur dinamizatzaileak prentsaurrekoa eskaini dute ortzirale eguerdian Lesakako Herriko Etxean. Hiru ekimen nagusi aipatu dituzte, Muga Gainetik, Aste Sainduko jarduerak eta IV. Erdi Aroko Azoka.

Lehen hitz-ordua igandean izanen da apirilaren 1ean. Lehen aldizkoz, Muga Gainetik Munduko Herrialde eta Kulturen Topaketa antolatu dute. Plazako aparkalekuan paratuko duten karpan, hainbat herrialdetatik etorritako jendeek haien kultura eta herria ezagutarazteko aukera izanen dute folklorea, ohiturak eta gastronomiaren berri emanez. Antolatzaileek diotenez ematen du emigrazioa duela 5 urte hasi zela, baina azpimarratu nahi izan dute duela hiruzpalau hamarkada hasi zela, industrializazioarekin batera. Igandean, herrialde anitz ezagutzeko aukera izanen da, tartean, Andaluzia, Galizia, Extremadura, Argentina, Peru, Bolivia, Ekuador, Brasil, Kuba eta Txekia bertzeak bertze. Inti Kausay Berako etorkinen elkarteak ere postu bat izanen du baita Lesakako herriak ere. Karpa eguerdiko 12:00etan irekiko bada ere, ordu batzuk lehenago, Galiziako gaiteroek eta Boliviako dantzariek karrikaz karrika ibiliko dira bazterrak alaitzen.

Aste Saindurako, iaz bezala, kanpora joanen ez direnentzat ekitaldiak antolatu dituzte. Irain eskoletako pilotalekuan Txikientzako Parkea muntatuko dute apirilaren 4tik 13ra. Ttikienentzat, txirrista gunea, ludoteka eta piloten etxea ekarraraziko dituzte, eta koxkorragoentzat, bizikleten parkea, gargantua, bideojokoak, puzgarriak, ping-pong mahaiak eta futbolinak. Egunero irekia izanen da arratsaldeko 16:30etik 20:30era. Egun batentzako prezioa 4 eurokoa izanen da, eta 10 egunentzako bono txartela 25 eurokoa. Azken hauen erosteko 012 telefono zenbakira deitu beharko da. Egun horietan ere, Lesaka ezagutzeko parada eskainiko dute 2 euroren truke emanen diren bisita gidatuen bidez. Hauetan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da 012 edo besta egunetan 686760553telefono zenbakietara deituz.

Udaberria Lesakan kanpaina bukatzeko, Erdi Aroko IV. Azoka ospatuko dute apirilaren 15ean, igandearekin. Aitzineko urteetan bezala 40 artisauk postuak paratuko dituzte herriko karriketan. Tartean, tailerrak ere egonen dira, zeramikarenak, beirarenak, eta loreenak. Bazterrak alaitzeko ez da animaziorik faltako bertan izanen baitira ipuin kontalariak, kale antzerkiak eta musikariak. Aurtengo berrikuntza nagusia, aparkalekuan paratuko den erdi aroko kanpamendua izanen da. Garai haietan kanpamenduek zuten itxura erakutsiko dute, dekorazioa eta guzti. Horren ondorioz, orain arte bertan paratzen zituzten haur jokoak, falkoneriaren ondoan paratuko dituzte, Zabaleta Dorrearen ondoan alegia. Eguna bukatzeko, 19:00etatik aitzinera Patxi Perezekin dantzatzeko aukera izanen da plaza zaharrean. Urtetik urtera hobetzen saiatzen badira ere, egitaraua gutti aldatzen dela aitortu du Deñe Abuinek bere horretan arrakasta izaten duelako.

Cederna-garalur elkarteko Arantxa arregi ere prentsaurrekoan izan zen, gisa horretako ekitaldiak diruz laguntzeko erabakia berretsi zuen, eta horrelako ekitaldiak eskualde guzira zabaltzeko asmoa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun