GR12, iazko GR8, herrien arteko bertso txapelketa, asteburuan hasiko da izenak berak dioen bezala, aurten 12 talderekin. Lesakako taldeak ortziralean jokatuko du lehen jardunaldia, Linddurenbordan arratsaldeko 20:00etan.
Aurten ere, laugarren aldikoz antolatzen den herrien arteko bertso txapelketaren izena aldatu behar izan dute. 2004ean abiatu zen proiektu horrekin, antolatzaileek, plaza gutti egiten dituzten bertsolariei aukera eman nahi diete, baita bertso eskoletara jende berria ekarrarazi ere. Urtetik urtera garatuz joan da. Duela 4 urte, lau herri besterik ez ziren, Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orio. Ondoko, urtean bertze talde bat gehitu zen hau da, Orereta, eta iaz bertze hiru, Zarautz, Lesaka eta Mallabia. Aurten lau dira urrats hori eman dutenak, Zumaia, Zumarraga-Urretxu, Goierri eta Azpeitia. Hortaz GR4, GR5 eta GR8 izena hartu ondotik aurten GR12 deituko da.
Gero eta talde gehiagok parte hartzen dutelako, txapelketa jokatzeko era aldatu behar izan dute. Aitzineko urteetan ligan erabakitzen bazen, aurten 4 multzotan banatuta, ligaxka jokatuko dute, eta multzo bakoitzeko lehenak finalerdietara pasatuko dira. Norgehiagoka guziak joan etorriko saioetan jokatu dira, eta epaile lanetan publikoa arituko da. Hasierako ligaxkan, Lesakarrek lan zaila izanen dute Zarautz eta Hernaniko taldeekin neurtuko baitira. Lehen jardunaldian, Alazne Untxalo, Julen Zelaieta eta Ioar Tainta izanen dira gure eskualdeko taldearen koloreak defendituko dituztenak Zarauzko bertsolarien aurka.
Ligaxkako saioak, apirilean eta maiatzean jokatuko dira, finalerdiak berriz ondoko hilabetean, eta finala uztailaren 20an Zarauzko bertso astearen barnean.