Maddi Egotetxea eta Uxaneren egoitza berrien inauguratzeko jende anitz bildu zen Beran joan den ortziralean. Bortzirietako herritarrez gain, udaletako, Nafarroako Aspaceko eta herrialdeko gobernuko ordezkariak ekitaldian egon ziren.
Inaugurazioa, Kultur Etxean hasi zuten bertan musika eskolako ikasleek, Uxane antzerki taldeak, eta Ana, Leire eta Uxaneko lagunak taldeak erakustaldia eskaini baitzuten. Antzerki eta musika emanaldiak bukatu ondotik, inauguratu beharreko egoitzetara joan ziren Legia karrikako 28. zenbakira ekitaldi ofizialari hasiera emateko. Maddi egotetxean, Nafarroako Aspaceko presidenteak, Fernando Belzuncek, eta Bortzirietako udalen izenean Berako alkateak, Helena Santestebanek hitza hartu ondotik azpiegituren benedikazioa egin zen. Orduan, Uxaneren egoitzaren inaugurazioari ekin zioten. Hunekin batera zentroaren 30. urteurrena ere ospatu zuten. Hitza hartu zuten arduradunek ez zituzten Patxi Barandiaran eta Maddi Txoperena zena, ongileak, ahantzi, eta behin baino gehiagotan eskertu zituzten egindako lanarengatik eta emandako laguntzarengatik.
Bi egoitza hauek, Berako osasun zentroaren gainekaldean kokatuak dira, lehengo San Jose erresidentzian. Lehen solairuan, Malerreka eta Bortzirietako 26 eta 50 urte bitarteko urritasuna pairatzen duten 17 lagun hartzen dituen Uxane zentroko egoitza berria izanen da hemendik aitzinera. 300m koadratuak berritu ahal izan dituzte Patxi Barandiaran utzitako diruari esker. Bere andrea zen Maddi Txoperenarekin, Uxane Zentroko ongile nagusiak izan dira, eta horretaz erresidentziari Maddi izena eman diote. Azken hau, eraikuntzako bigarren eta hirugarren solairuan kokatua da, orotara 600m koadratu, 16 lagun hartzeko egokituak. Dagoeneko 7 lagun izena eman dute hor egoteko, eta bertze 4en kasuan tramiteak egiten ari dira. Egotetxeak, urritasun arina duten pertsonei zuzendua da, bertzela erranda, autonomoak direnei. Bi solairu horien berritzeak 453.000 euro kosta du erdia Nafarroako Aspacek ordaindu dituelarik. Gainerakoa, emaile anonimoek eta Bortzirietako udalek finantzatu dute. Berako udalak 94.000 euro inbertitu ditu, Arantzakoak 13.000, Igantzikoak 11.000, Etxalarkoak 15.000 eta Lesakakoak 49.000. Nafarroako Kutxak eramaten duen “Zuk hautatzen duzu, zuk erabakitzen duzu” kanpainari esker 11.500 euro eskuratu dituzte altzairuak erosten laguntzeko.