Finalerako txartelik gabe

Nerea ALTZURI 2007ko martxoaren 23a

Nafarroako Herri Kirol Jolasen edizio berri bat iragan da eta herriko gaztetxoek aurtengoan finaleko saioan ez dute parte hartu. Izan ere, lau jardunaldi burutu ostean, kadete eta haur mailan proba konbinatuan aritu diren bi taldeek ez dute finaleko txartelik lortu. Aitzineko alean erran bezala, ez zuten nahi bezalako hasiera izan eta jardunaldiz-jardunaldi emaitza hobeak ekarri badituzte ere, aurtengoan ezin urteroko urratsa aitzinera eraman.

Nolanahi ere, lau jardunaldietako informazioa jaso dugu eta emaitzei erreparatuta, haur mailako taldeak adibidez, denborak hobetu ditu. Izan ere, lehen jardunaldian 11minutu eta 40 segunduan akautu zuten saioa; Igantziko laugarren eta azken jardunaldian, ordea, 10minutu eta 47 segunduko denbora egin zuten. Hala ere, finalerako txartela lau taldek eskuratu dute eta gainerako zortziek ere indartsu daudela erakutsi dute eta aranztarrei sailkapenean hondarrean egotea tokatu zaie.

Kadeteen taldeak, gorabeherak izan ditu jardunaldiz-jardunaldi baina finaleko txartela lortzeko aukera izan du. Baina, laugarren jardunaldian ez zitzaizkien gauzak nahi bezala atera. Ondorioz, finaleko aukeratik kanpo geratu zen talde hau ere bertze laurak sailkatuz.

Berriz ere herriko ordezkaritzak parte hartu du txapelketan. Entrenatzaileen eta gaztetxoen gogoak ere aunitz balio du! Hurrengoan gehiago eta hobekiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun