Korrika Ttikia larunbat arratsaldean eginen da herri inguruan

Nerea ALTZURI 2007ko martxoaren 23a

Herri eskolak eta Ekaitza Elkarteak batera prestatu dute ekimena

Martxoaren 22an Karrantzatik abiatu zen Korrika. Herriz-herri dabil eta ortziral eta larunbat honetan eskualdean barrena eskuz-esku lekukoa ibiliko da. Zehazki, Bortzirietan larunbat arratsean edo igande goizaldean ibiliko da. Heldu da gure ingurura ere eta gogor helduko diogu testigu edo lekukoari. Larunbat arratsaldean, beroketa gisa Korrika Ttikia antolatu dute Eskolako lagunek eta Ekaitza Elkarteak. Herri inguruan lasterka ariko dira eta 16:30ean hitzordua paratu dute. Plazatik abiatu eta Larreta, Goienburu eta Bideberrin barna ibili ondotik herriko plazara bueltatuko da. Korrika Ttikian eskolak euskalduntzearen aldeko aldarrikapena ere eginen da: «Irri eta solas, Arantzan euskaraz» lelopean. Ondotik, merienda-afaria eginen da Ekaitza Elkartean, eta handik Korrika nagusirako bidea hartuko du jendeak. Korrikaren harira, ortziralean, mus txapelketa ere eginen da Ekaitza Elkartean. Guziok parte hartzen ahal dugu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun