Martxoaren 23an inauguratu ziren Maddi egotetxea eta Uxaneren egoitza berria. Ekitaldian egon ziren Aspace-Nafarroa, Uxane eta Bortzirietako udaletako ordezkariak, Maria Isabel Malo eta Nafarroako Gobernuko Ongizate Sailburua. 17:00etan Kultur Etxean Musika Eskolako folk eta solfeoko taldeek, teklistak, Uxane antzerki taldeak eta Ana, Leire eta Uxaneko lagunek hainbat ikuskizun eskaini zituzten. Ondotik, Maddi eta Uxaneko egoitzan Gure Txokoako dantzariek aurreskua dantzatu zuten musika eskolako txistulariek lagunduta. Berako Abesbatza ere han izan zen eta egoitza bedeinkatu ondotik merienda ederra egin zuten. Aspaceren baitan, Uxane Elkarteak eskualdean 30 urte bete ditu lanean eta eraikin berria estreinatuz ospatuko dute. Egoi-tzaren lehenbiziko solairuan Uxanekoentzako laneko ikastegia egonen da, orain arte musika eskolaren beheko solairuan zegoena, eta bigarren eta hirugarren solairuetan erresidentzia. Uxane Zentro berria dagoeneko martxan da eta Maddi egotetxea apiriletik aurrera ere irekia izanen da. Ezintasun psikikoa duten 16 lagunentzako tokia dauka erresidentziak eta dagoeneko hamabik eman dute izena, Bortzirietakoak denak. Aspace Fundazioak bertan lan egiteko sei langile kontratatuko ditu, horietako bortzek arreta zuzena eskainiko diete bertan biziko direnei eta bertzea garbiketa lanetaz arduratuko da. Oraindik lau lagunen-tzako tokia gelditzen direnez, interesatuek Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako arduradunarekin harremanetan jar daitezke.