Joan den larunbatean, martxoak 17, Ipar Hegoa Aste Kulturaren barnean jokatzen den Euskal Herriko III. Mus Txapelketa jokatu zen Seguran. Gure eskualdeko ordezkariak, Aritz Cabello eta Andoni Larralde ez ziren batere gaizki aritu, eta irabazi ez bazuten ere 3. postuan bukatu zuten.
Herrialde guzietan kanporaketak jokatu ondotik, 14 bikote sailkatu ziren Goierrin jokatuko zen finalerako. Gure eskualdeko final-aurrea irabazirik Aritz Cabello eta Andoni Larralde izan ziren hemengo ordezkariak. Finala hasieran lesakarrak ederki aritu ziren eta finalerdia arte ailegatzea lortu zuten, baina horretan kale egin zuten. Hala ere, 3. posturako finala irabazita podiumeko 3. maila igotzea lortu zuten. Txapela Behe Nafarroako eta Lapurdiko ordezkarien artean jokatu zen, baina azken hitza lapurtarrek izan zuten. Hortaz aurtengo txapela janzteaz gain jokoan zegoen 1000 euroko saria ere baiona aldera joan zen.