Itsaso Kantabriari buruzko dokumentala ikusgai Lesakan

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 20a

Txus Migeltorena egileak bi urte pasa ditu irudi hauen biltzen

Heldu den ortzegunean, Txus Migeltorenak itsaso Kantabrian grabatu duen urpeko dokumentala aurkeztuko du San Fermin Jubilatuen elkartean arratsaldeko 19:00etatik aitzinera. Bi urte pasa ditu proiekzioa osatzen duten irudiak biltzen nagusiki Hondarribin, Getarian eta Hendaian. Donezteben sortutako lesakarra udaberrian zentratu da. Ttipi Ttapari erran dioenez, udaberrian lurrean gertatzen den naturaren berpiztea, itsasoan ere gertatzen da, horrek arrainen oparotasuna ekartzen duelarik. Urtaro horretan landare-planktona emendatuz joaten da, eta horrekin batera etortzen dira mota anitzetako arrainak. Bideo horren bitartez bizi hori ezagutarazi nahi du Txusek. Ordu erdi bat irauten duen dokumentala, hiru zatitan banatu du, urpea egunaz, urpea gauaz eta ekologia. Azken atal hori bildu nahi izan du grabatzen ikusi dituen basakeriak salatzeko, adibidez saretan harrapatutako arrain hilak. Hondartza ezagutzen badugu ere, hortik harat dagoena gutti ezaguna da, eta hori da zehazki Txusek ezagutarazi nahi duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun