Gure eskualdean Danza Escena Jaialdiak izanen duen bigarren hitzordua heldu den larunbat arratsean izanen da Berako Kultur Etxean arratsaldeko 19:00etatik aitzinera Ertza dantza taldearen eskutik.
Martxoaren 2az geroztik Nafarroako hainbat herritan ibiltzen den jaialdia anitza da, eta edozein motatako dantza ikusteko aukera eskaintzen du, flamenko garaikidea, dantza klasikoa, neoklasikoa, afrikarra, ekialdekoa, tangoa, claquéa, antzerki dantza, baita gaur modan diren Hip Hop eta Street Dance delakoak ere.
Beran, igande honetan eskainiko den emanaldia aitzinekoarekin ez du deus ikustekorik izanen. Lehenean, munduko hainbat dantzez gozatzeko aukera izan bazen, erakustaldi huntan dantza modernoak izanen dira protagonista nagusiak, Hip Hopa eta Street Dance-a hain zuzen. Gainera, Look izena duen erakustaldian Asier Zabaleta egileak dantza eta bideo proiekzioak nahasten ditu itxura eta izanaren gaia landuz.
Ikuskizunen sarrera 5 eurokoa izanen da eta leihatilak ordu erdi lehenago irekiko dira, 18:30ean.