Bihar hasiko da sailkapen nagusiko borroka

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 14a

19 segundoko atzerapenarekin Patxi Vila ederki dago garaipena jokatzeko

Pasa den igandean hasi zen txirrindularitza profesionalaren egutegiko lehen hitz ordu garrantzitsua, Paris Niza. Iaz Patxi Vila Beratarra sailkapen orokorreko bigarren gelditu zen Floyd Landistik 8 segundora. Azken hau aurten parte hartzen ez duelako, mitikoa den bat zenbakidun dortsalarekin atera da Patxi eta segur aski ere aurten podiumeko lehen postuan bukatzeko gogoarekin. Lehen etapak zelaikoak izan dira eta beraz alde handirik ez da sortu txirrindularien artean. Hala ere, ortzegunetik aitzinera gauza serioak hasiko dira, eta denboraldi hasiera huntako gizon azkarrak zeintzuk diren ikusten ahalko da.

Adituen erranetan azkeneko bi etapek erabakiko dute aurtengo lasterketa, baina 4.ean ere txirrindulariek adi egon beharko dute lehen kategoriko Mende gainan bukatuko baita. Dudarik gabe azkeneko bi etapak dira zailenak gain anitz dituztelako, baina biak zelaian bukatzen dira, eta beraz tarteak murrizteko aukerak egonen dira.

Momentuz, Patxi Vila 18. postuan da, maillot horitik 19 segundora, heldu den egunetan aitzinera egiteko ederki kokatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun