Zuhaitzaren eguna ospatuko dute Beran

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 9a

Igandeko 9:00etatik aitzinera, zuhaitzak landatuko dituzte Lizuniagan

Berako Ehiztari eta Arrantzaleen elkarteak zuhaitzaren eguna ospatuko du igandean. Horren kari, urtero bezala zuhaitzak landatuko dituzte, aurten, azken urte hauetan bezala Lizuniagan, Labiagako mazelan. Hitz ordua goizeko 9:00etan jarri dute, lekuan berean. Ohitura denez, herritar batzuk parada aprobetxatuko dute herritik haraino oinez ibiltzeko. Lanean aritu ondotik, elkartekoek hamaiketako eskainiko dute ondoan duten txabolan. Antolakuntzatik jakinarazi digutenez, ahal bezain eraginkorragoak izateko norberak bere tresnak eraman beharko ditu.

Kanpaina huntan bertako zuhaitzak landatzen dituzte, pagoa eta haritza. Horrelako ekitaldiekin, hemengo ingurumena zainduz herritarrek mendiarekin duten harremana sakondu nahi dute. Lan praktiko gehiena, Ehiztari eta Arrantza elkarteko kide eta boluntarioen artean egiten badute, zuhaitzen gastua udalak ordaintzen du.

Aurten 50, 60 bat zuhaitz landatu nahi dituzte, baina Fran Agarak, Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteko kideak, erran digunez, animatzen den laguntzaren arabera izanen da. 15 bat urte eramaten dituzte zuhaitzaren eguna ospatzen, eta dioenez, eguraldi polita bada jendea gustura hurbiltzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun