Berako Ugalde auzoan, 139 partzelan, Unidad Bera S.L. promotoreak 28 pisu eraikitzeko obrak hasi ditu azken hilabete hauetan eta hasieratik ondoko pisuko bizilagunen desadostasuna agerian gelditu zen, balkoi eta leihoetan pankartak jarri zituztenean, adibidez. Bizilagunek diotenez, pala beraien lurra zulatzen aritu da. Hauek kexatuta aste batzuetan obrak geldirik egon dira. Obrekin segituko zutela sumatu zuten eta hurrengo egunean, martxoak 7, goizean, obra gelditzeko asmoarekin 12 bizilagun inguru bildu ziren. Bizilagunak han zirela obrarekin ez zuten jarraitu eta langileak nagusien eta promotorearen aginduen zain gelditu ziren. Unidad Bera S.L. promotorak 139 partzelan suertatutako arazoaren inguruan hainbat gauza argitu dizkigu: alde batetik, Berako Udala eta Nafarroako Gobernuak eraikitzeko lizentziak badituela dio. 139 partzelak hegoaldetik eta iparraldetik bi pareta dituela muga bezala eta muga hauek Jabetza Erregistroan baita Katastroan ere finkatuta omen daude. Publikoak omen dira biak, beraz, edozein pertsona joan daitekeela hau baieztatzera. Honez gain, promotoraren eskubidea omen da bere partzelaren mugaraino eraikitzea eta honetarako, eta segurtasun arrazoiengatik, ezinbestekoa da jabe-tzan probisionalki sar-tzea. Ondoko jabetzan sar-tzea legeak onartzen du, beti ere baldintza batzuk betez gero: ahalik eta kalte eta denbora laburrenean egitea eta partzela hori obra bukatzerakoan zegoen egoera berean uztea. Unidad Bera S.L.k dio baldintza hauek guztiak beteko dituela eta guztia ziurtatzeko akta notarial bat eta banku-abal bat egin dituela. Udalari gai honen inguruan galdetu eta azalpenik ez du eman, bere garaian onartutako obrak direla erranez.