Iaz beka lortu zuen Joseba Irazokiren CDa aurkeztu dute

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 8a

Aurten bi beka eskainiko dira, bata sormenarena eta bertzea Berako musika biltzeko

Berako Kultur Batzordeak iaz banatutako Musika Argitalpenerako beka baten aurkezpena egin dute Jon Abrilek, alkate ordeak, Raul Iglesiasek, kultur koordinatzaileak eta Joseba Irazokik, musikariak. Bidenabar, aurtengo beken deialdia ere zabaldu dute

2006. urtean, zabaldutako deialdian bi proiektu aukeratu zituzten, bata Ertz kolektiboarena, eta bertzea Joseba Irazokiren Akordeoi Orkestra eta Gitarra Kontzertua DOn. Berako musikari gazteak zioenez, beka lortzea aukera pare gabea eman zion baliabide gehiagorekin lan egiteko. Hala ere, herriko beka izanik, ongi iruditu zitzaion Berako orkestra batekin lan egitea. Hortaz, Musika Eskolako akordeoi orkestrarekin harremanetan sartu zen. Estiloa, ikasten dutenarekin zerikusirik ez badu ere, interesatuak izan ziren, eta pixkanaka-pixkanaka proiektuak aitzinera egin zuen. Musika eskolako haurrek DO nota erritmo ezberdinetan jotako oinarrian, Josebak gitarra doinuak sartu ditu gainetik. Guztira lau kantuz osatutako obra bereizi xamarra da, baina berako musikariak dioenez, bai beretzat, eta bai musika eskolako haurrentzat, esperientzia ona izan da.

Lehen emaitza aurkeztu ondotik, aurtengo bekak aurkeztu dituzte. Joan den urtean musikan bakarrik mugatu baziren aurtengoa esparrua zabaldu nahi izan dute. Hortaz, emanen diren bi beken artean, bat, sormen artistikoari zuzendua izanen da, dantza, musika eta antzerkia bertzeak bertze. Bigarrena berriz musikarekin zer ikusia badu ere, eskatzen den lana ikerketa lana da gehien bat, Berako musika biltzea hain zuzen. Interesatuak daudenek izena eman beharko dute udaletxean apirilaren 27a baino lehen. Horretarako herriko etxean hartzen ahal den eskaera orria bete beharko dute. Hunekin batera CIFa edo DNIaren fotokopia lotu beharko dituzte. Curriculum baten bidez musika edo artearekin lotura frogatu beharko da. Balio duen hala ez epaitzeko berriz, proiektuaren nondik norakoa, aurkezpena eta aurrekontua azaltzen duen txostena aurkeztu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun