Beratar batzuk obren kontra

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 7a

Obrak egin ahal izateko palak ondoko eremuan zilatu du

Berako Ugalde auzoan Unidad Bera Promotoreak 28 pisu eraikitzeko obrak hasi ditu azken hilabete hauetan. Lanak gutti aitzinatu dira eta oraindik zimenduetan ari dira. Hala ere, ondoko pisuetan bizi diren bizilagunak haserretu erraten dutenaren arabera, pala haien lurretan zulatzen aritu baita. Hortaz aste batzuetan obrak geldirik egon dira baina astearte arratsaldean obrekin segituko zutela sumatuta biharamunean obren aitzinean biltzeko hitz ordua paratu zuten. Asteazken goizean dozena bat bizilagun elkartu ziren pala haien lurra hunkitu ez dezan. Bizilagunak han zirela, langileek ez ziren gehiegi ausartzen eta haien nagusien eta promotorearen aginduen zain zeuden.

Gai horren inguruan Unidad Bera promotoreak zer zion jakin nahian haien abokatua telefonoz kontaktatu dugu. Erran digunez, egiten ari diren obrak guztiz legezkoak dira eta udaletxeak onartutakoak. Dioenez, altxatu beharreko pareta muga mugan badago ondoko eremuan sar daiteke obra denboran, baina hasi baino lehenagoko egoeran utziko dela bermatuz.

Udalari zer iruditzen zitzaion jakiteko haiekin harremanetan sartu nahi izan dugu, baina ez digute azalpen gehiagorik eman nahi izan, baizik eta bere garaian onartutako obrak zirela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun