Martxoaren 2an hasiko da Nafarroako Gobernuko Kultur sailak eta hainbat udalek antolatzen duten XI. Danza Escena jaialdia. Aurten eskainiko diren erakustaldien artean, bi, Beran izanen dira martxoaren 3an eta 18an. 2007. urteko edizioan 9 konpainiek 21 erakustaldi emanen dituzte Nafarroa osoan, Ablitas, Altsasu, Antsoain, Agoitz, Barañain, Burlata, Kastejon, Lizarra, Urantzia, Noain, Zangoza, Valtierra, Zizur Nagusi eta aipatu bezala Beran. Jaialdi anitza da, hortaz, edozein motatako dantza ikusteko aukera izanen da, flamenko garaikidea, dantza klasikoa, neoklasikoa, afrikarra, ekialdekoa, tangoa, claquéa, antzerki dantza, baita gaur modan diren Hip Hop eta Street Dance delakoak ere.
Gure eskualdeko lehen hitz ordua larunbatean izanen da Berako Kultur Etxean arratsaldeko 19:00etatik aitzinera. Bertan, dantza nahasketa bat ikusten ahalko da. Hasieran, Sunu Africa dantza eta perkusio taldeak Senegaleko erritmoak eta murgiltzeko erak erakutsiko dituzte. Ondotik, Egipton sortutako ekialdeko dantzen erakustaldia ikusgai izanen da. Hirugarren zati batean, XIX. mendean, New Yorkeko inguruetan sortutako Claqué estiloaren txanda izanen da. Emanaldia bukatzeko Ipar Ameriketatik Hego Ameriketara joanen dira, eta Tangoak bukatuko du larunbateko saioa.
Beran eskainiko den bigarren emanaldia, igandearekin izanen da, martxoaren 18an, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldi hau guztiz bertze era batekoa izanen da. Larunbatekoan, aspaldiko dantzak ikusten ahalko badira, huntan berriz dantza modernoak izanen dira protagonista nagusiak, Hip Hopa eta Street Dance-a hain zuzen. Gainera, Look izena duen erakustaldi huntan Asier Zabaleta egileak dantza eta antzerkia nahasten ditu itxura eta izanaren gaia landuz.
Ikuskizunen sarrera 5 eurokoa izanen da, baina biena nahi izanez gero, 8 euroko abonuak eskainiko dira. Leihatilak ordu erdi bat lehenago irekiko dira, 18:30ean