Eguraldi eder eta lagun giro onean joan dira inauteriak

Nerea ALTZURI 2007ko otsailaren 27a

Herriko sei gaztek aizkora apustu bikaina eskaini zuten inauterietan. TTIPI TTAPA

Urteko besta ttikiak joan dira aurten ere. Beti egiten dugun moduan, aldi honetan aurtengo mozorro aldiaren errepasoa egiteko erabiliko ditugu lerro hauek. Inauteriak otsailaren 9an abiantu ziren. Ohitura den bezala gazte talde batek prestatzen ditu egunetako egitarauak. Hala ere, herriko eskolako gaztetxoak (mozorro gaztetxoak) helduen antzera puxka-puxka ibiltzen dira herriko etxe eta baserrietan. Bai talde bat, nola bertzea herriko soinulariekin ibil-tzen dira inguruak eta etxeko atariak alaitzen.

Aurten ere eguraldia lagun gustura ibili dira eta etxeetako harrera goraipatu dute. Inauterietako ekimenak prestatzeko etxeetan ematen den eskupekoa laguntza haundia da gazteentzat, egun gutti baina beteak izaten batira: musika, otorduak, ber-tsolariak, herri-kirolak, eta gastuak ordaintzeko eskean ateratako dirua erabilgarria da. Gaur egun puxkarik ez da ematen garai batean bezala, herritarrek dirua ematen dute. Eskolako gaztetxoek,berriz, bi urtero behin ikasketa akaberako bidaiarako altxatzen dute bildutakoa.

Kontuak kontu, ortzegunean eta ortziralean lau auzoetan eta herri kaskoan eskean ibiltzeaz gain, bertzelako ekitaldiak ere izaten dira inauterietan. Ortziralean, adibidez, 140 afaltiar bildu ziren Aterpean. Mendiluze eta Irazu izan ziren afalondoa girotzen. Goizaldeko 3:30ak arte luzatu zen afalondoa. Bertako bertsolariek bertsotarako ausardia eta erraztasuna erakutsi zuten. Emakumeek ere inauteetako afaria bertan zuten eta herritar guziak bat eginez, giro ederra eraman zuten herriko gorapera. Hantxe Mikel Salaberri musikariarekin dantzaldi herrikoia izan zen

Biharamun arratsaldean, bestondoa borrokatuta, mozorro eta haur mozorrotu eta guraso taldeak herriko karriketan desfilea egin zuten. Kalejiraren ondotik, merendua izan zuten. Ilunabarrean, erakustaldi polita izan zen frontoian. Neska eta mutilen arteko herri-kirol saioa eta herriko aizkolarien arteko apustu mundiala izan ziren. Nesken taldeak irabazi zuen erakustaldia eta aizkolarien artean, Xabi Agesta eta Xabi Larretxeak garaitu zuten. Ikuskizunaren ondotik, zozketa egin zen. Sariak ere ederrak ziren eta denak atera ziren. Zenbaki saridunak frontoiko jendearen artean banatu ziren. Letizia Errandonea Larrainenbordakoak telebista eta mikrouhina eraman zituen, eta aldizkari honen senide den telebistako kazetari Xan Harriaguek, berriz, bertze telebista.

Aspaldiko ohiturak ere agertu nahirik, mozorro beltzek beuren agerraldia egin zuten frontoian. Afaltzeko bidea hartu zuen gero herritar multzoak, eta ondoren Jalisko Bandek eskainitako dantzaldiarekin agurtu ziren aurtengo inauteriak. Arratsa bakoitzak noiz arte luzatuko zuen auskalo. Nabarmenena ordea, gero eta jende gehiago, etxekoak naiz erritik kanpokoak mozorrotzen garela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun