Beti Gazteko zuzendaritza bere horretan segituko du

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 26a

Aginan Lesakako mendizaleei zuzendutako monolitoa jartzea aipatu dute

Lesakako Beti Gazte kirol eta kultur elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen joan den ortziralean. 800 bat bazkide baditu ere 20 lagun besterik ez ziren bildu joan den urteko eta aurtengo gaiak aipatzeko.

Bilera hasieran, joan den martxoaren 10ean egindako batzar orokorra onartu zuten. Ondotik 2006ko balantzea egin zuten, bai ekitaldiena bai ekonomikoa. Bigarren zati batean antolatu beharreko egitasmoak aipatu zituzten. Modesto Maiak elkarteko idazkaria, Ttipi Ttapari jakinarazi dioenez aitzineko urteei konparatuz ez da berrikuntza handirik egonen, eta urteroko ekitaldi eta hitz orduekin segituko dute. Aipatu zuten ez ohiko gauza bakarra, udaletxearekin batera Aginan Lesakako mendizaleei zuzendutako monolito baten paratzearen proiektua izan zen.

Zuzendaritzaren berritzea ere izan zuten jorratutako gaien artean, baina aurtengoz ez da aldaketa nabarmenik egonen, eta guttienez bertze urte batez hala segituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun