Giro ederrean joan dira aurten ere inauteriak

Aitor AROTZENA 2007ko ots. 26a, 13:40

Zako-zaharrak, Fraindarrak eta mozorroak: inauterietan ezinbertzekoak diren hiru osagai. Aitor AROTZENA

Zako-zaharrek hainbat ikusle eta kamera artean egin zuten ohiko ibilbidea

Giro ederrean joan dira aurten ere inauteriak. Larunbat arratseko lehen mozorroak euripean ibili baldin baziren ere, igande eta asteleheneko hitzordu nagusiak errespetatu zituen eguraldiak. Igande arratsean zakozahar talde haundia ibili zen karrikaz karrikako ohiko ibilaldian. Urtero bezala, ikusmin handia piztu zuten eta argazki eta telebista kamara ugari izan zituzten zaindari. Aurten Zaragozako produktora bateko langileak ere etorriak ziren erreportajea grabatzeko asmoarekin eta plaza eta Antoiu inguruan argi handiak paratuak zituzten, grabaketa lanak hobeki egiteko.

Astelehen eguerdian karrozak ikusgai izan ziren plaza inguruetan. Irain eskolako kalderero eta ijitoak, Tantirumairu ikastolako Olinpiadak, paellako osagaiak bere paelleran, moto tailerreko langileak, pailazoakā€¦

Plazan eta karriketan mozorroak ibiltzen ziren bitartean, baserri auzoetako ibilbideetan zebiltzan Fraindarrak eta Goitarrak. Zenbait urtez jende gutti ibili da bi talde hauetan, baina badirudi berriz ere indartzen eta belaunaldi berriak sartzen ari direla. Gainerakoek inauteriak astelehenean akautu baldin bazituzten ere, bi talde hauek asteartean ere egin zituzten beraien ibilbideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun