Berako Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak Komunitatean drogen mendekotasunei aurrea hartzeko Bera herri plana gidaliburua aurkeztu zuen otsailaren 14an Herriko Etxean. Askagintzako Txus Congil eta Udaleko alkateorde Jon Abril aritu ziren prentsa aitzinean. 2006ko martxoan aurkeztu zen drogomenpekotasunaren prebentziorako Plana eta geroztik, eragile, herritar eta sektoreko profesionalek euren ekarpenak eta zuzenketak egin dituzte. Udazkenean planaren segimendurako batzordea osatu zen eta bertan parte hartzen dute Askagintzako eta Udaleko kideekin batera osasun eta hezkun-tza arloko profesionalek, gurasoek, eta gaiarekiko interesa duten hainbat pertsonak. Orain, plan osoaren laburpena biltzen duen gidaliburua argitaratu da. 1.500 ale argitaratu dira, eta Berako etxe guztietan banatuko da, doan. Liburuska euskarazko eta gaztelaniazko edizio bakarrean argitaratu da, eta plan osoa biltzen duen CDa ere darama erantsita, gaiarekin lotura duten bertze dokumentu batzuekin batera. Bertan, ageri dira plana gauzatuz gero garatu beharreko programa eta proiektuak. Plana 2006-2010 urte arterako proposamena da eta 52 irakasle, 500 ikasle eta 50 bat guraso parte hartzen ari dira aktiboki.