Azken bolada honetan harrituta gelditen ari naiz hainbat tokitan irakurtzen ari naizen gogoeta politiko eta iritzi ezberdinekin. Lehengo hilabetean, gure herriko alkatearen sinadura zeraman bat irakurri nuen (urtarrilaren 12ko Diario de Noticias). Laburbilduz eta sinplifikatuz, ezker abertzalearen aurka erabiltzen ari diren mezu horietako bat bertzerik ez zen gutuna. Hala, bi mezu garbi helarazi nahi izan zituen Lesakako alkatea den Juan Fermin Mitxelenak bere idatzian; batetik, Lesakako Olentzeroren lehiaketa aitzakia hartuta, preso eta iheslariek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzea eta bortizkeria hau jendarteratzearekin ez datorrela bat (zilegia dena, baina aitzakirik gabe, noski). Baina ez da hor gelditzen, eta nork daki zer indarrek eraginda, gure senide, lagun eta herrikide diren preso eta iheslariak etxean egon behar dutela diotenen aurka irainak jaurtitzen ditu idatziaren lehen zatian. Bigarren zatian, Olentzero egoera politikoarekin lotu (…) eta irakurketa politiko bat egiten du: ezker abertzalea egungo egoeraren erantzulea dela dio.
Zaila da hitz guttitan egoera kokatzea eta irakurleak ondorio objektibo batzuk ateratzea hainbertze intosikazioren artean; batzuk gauza bat, bertzeak kontrakoa... ni erralitatearen klabe batzuk agerian uzten saiatuko naiz, gero norberak bere ondoriok atera ditzan.
Olentzeroren inguruan erran, zazpigarren urtez egun guztiko egitaraua antolatu dela. Gure herrian hain sustraiturik dagoen ohiturari jarraituaz, goiz-goizetik Olentzero bizkarrean hartu eta ilunabarra arte kalez-kale kantari eta eskean ibiltzen gara, Lesakako bertze kuadrila aunitz bezala. Urtetik urtera geroz eta jende gehiago gehitu da amnistiaren aldeko Olentzeroren ondoan egun hori pasatzera; batzuk egun guztian, bertzeak arratsaldean eta bertzeak lehiaketan parte hartuz. Izugarrizko babesa jasotzen du Olentzero honek Lesakako herritar aunitz eta aunitzen partetik, urtetik urtera gorantz doan babesa. Lesakatik kanpo ere oihartzun haundia hartzen ari da, ikusi bertzerik ez dago aurtengoan komunikabide ezbedinek eman dioten tratamendua. Hau horrela izanik, ez al da arraroa Lesakako alkatearen balorazioa? Preso eta iheslarien eskubideen alde egonik bera, zergatik horrelako amorrazioa babesa gero eta haundiagoa denean?
Guztia nahasiaz eta urduritasun zantzu nabariekin, Olentzero eta egoera politikoa lotzen saiatu da. Bere ustetan, prozesuak porrot egin du eta horren erantzulea Ezker Abertzalea da. Ez gara urrutiegi joanen, erralitatea hagitz bertzelakoa dela erakusten duten adibideen bila. 2006an, Igor Angulo eta Roberto Saez, euskal preso politikoen heriotzek egoera politikoa une larri batera eraman zuten. Horren aurrean, Ezker Abertzalea min eta amorru haundiarekin kalera atera zen, bertze gauza batzuen artean, konponbidea inoiz baino beharrezkoagoa zela adieraztera. Horrela egonik egoera, prozesu demokratiko bat bultzatzeko helburuarekin, Euskadi ta Askatasuna erakundeak su-eten iraunkorra iragarri zuen egun batzuk beranduago. Hortik aurrera dinamika eta mobilizazio ugari egin dira: OHDk Bilbon eta Iruñean buruturiko manifestazio jendetsuak, (90.000 lagun) preso eta iheslarien aldeko manifestazioa Donostian, sutodeterminazioaren aldeko mobilizazio eta indar metaketarako ekimen ezberdinak, baldintza demokratikoak eskatzeko mobilizazioak.... guztietan parte hartu du Ezker Abertzaleak. Non zeuden eta zer egin dute Lesakako alkatea eta bere alderdiak, prozesu demokratiko bat helburu dituzten ekimen guzti hauen aurrean? Zergatik egiten diote uko solasteari (autodeterminazioaz, prozesuaz, preso eta iheslarien egoeraz, herriko egoeraz) behin eta berriz Lesakako alkateak eta bere alderdiak? Prozesuaren aldeko zein dinamika eraman ditu aurrera J.F Mitxelena buru duen Lesakako Udalak?
Gure herria, zenbait “agintari” eta “politikoren” gainetik, mendez mende pairatzen ari den gatazka politikoa modu demokratikoan konpontzeko ahaleginetan dabil. Ez du porrotik egin eta ez du eginen ere. Atzoko aukerak hor daudelako gaur ere, herriaren konponbide nahiak dira horren adierazle. Erantzukizun politikoa dugunok, arduraz jokatu behar dugu; hitz egin behar denean hitz eginez eta herritarren eskakizunak kontuan hartuz. Gatazka politikoak gainditzeko prozesuetan ez dira opariak esistitzen; borroka, lana eta justizian oinarritutako bakea lortzea lehenetsi behar dira. Opariak, klientelismoan eta entxufismoan oinarritzen diren polítika eredu antidemokratikoen kontuak dira. Zoritxarrez sobera ezagunak gure artean.
Iban Maia Ormazabal - Herria Aintzinera