Condesa taldeak Zalainen duen enpresako langileek, bi eguneko greba egin dute asteazken eta ortzegunean lan hitzarmenaren negoziaketak pairatzen duen blokeoa salatzeko. Horretaz gain, gaur goizean elkarretaratzea egin dute Lesakako Udaletxearen atarian eta ondotik prentsaurrekoa eman egoera zertan den plazaratzeko. Greba joan den otsailaren 14ean egindako batzar orokorrean adostu zuten bozkatu ondotik. Gisa berean adostu zuten asteazkenean Gasteizen enpresak duen egoitzaren aitzinean egindako elkarretaratzea.
Hitzarmena berritu nahian 8 hilabete daramate. Zuzendaritzak bertze 72 lan-ordu gehitu nahi ditu urtean, 9 lan-egun. Enpresa Komiteak ordea, ordu horiek ez ditu onartu nahi.
Orain arte haien kezka nagusia hitzarmena adostea bazen, azken egun hauetan bertze bat gehitu zaie. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, asteartean, zuzendaritzarekin izandako azken bileran, enpresak paraleloki bideragarritasuna plan bat lantzen ari zela ohartu ziren. Zuzendaritzak zuzenean ez bazuen aipatu ere, langileen ordezkarien irakurketaren arabera, gerta daiteke, Zalainen egiten den zehaztasuneko lana gelditzea edo bestenaz bertze norabait eramatea. Hala gertatuko balitz enpresa komitearen ustez ondorio handia izan dezake plantillan.