Joseba Madariaga eta Imanol Mitxelena Nafarroako txapeldun kadete mailan

Nerea ALTZURI 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Joan den abenduaren 18an, galtza xuriak eta gerrikoak jauntzi eta Altsasun jokatutako final haundiaren ondotik, Joseba Madariaga eta Imanol Mitxelena pilotari gazteak kopak, dominak eta zapelak ekarri zituzten etxera, Nafarroako kadeteen mailako txapelketako finalean garaile suertatu baitziren. Peñas eta Fraile Lizarrakoen kontra 22 eta 19 irabazi zuen Mitxelena eta Madariaga bikoteak urte akabilan eginiko norgehiagoka.

Herriko frontoian eta Iruñeako Labriten kanporaketak jokatu ostean, finaleko txartela erdietsi zuen bikote aranztarrak eta partidu eder bat egin ondoren, garaile izan ziren final nagusian. Joan den ilbeltzaren 8an, Euskadiko ligan jokatzen hasi ziren aranztar gazteak. Biek elkarrekin segituko dute pilota partiduak jokatzen, Nafarroako banakako txapelketan berriz, Beñat Mitxelenak finalaurreko partidurako txartela lortu zuen. Zorionak denei eta zorterik hoberena opa diegu pilotari gazte denei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun