Magirenborda, Ixilenborda eta Amotrain baserrietako bideen moldaketa lanak Nafarroako Gobernuak ezarritako epe estuaren barrenean akautu ditu Udalak. Hiru pista hauetan ormigoia botatzeko laguntza azaroaren 8ko erabaki eztabaidatuan eman zuen Gobernuak eta dirulaguntza emateko urtea akautu baino lehen lana akautzea eskatzen zuen. Horrek, Lesaka, Baztan, Bera, Goizueta eta Leitzako udalen kexua ekarri zuen, hain epe laburrean lanak burutzea zaila baitzen eta prentsaurrekoa eman zuten, Nafarroako Gobernuaren jokabidea salatuz. Laura Igantzi mendiko zinegotziak jakinarazi duenez, «Lesakako Herriko Etxea kontent dago hiru pista hauek egin ahal izan ditugulako, zati handi batean lanak egin dituen enpresaren, Sasoi Exkabazioak, esfortzuari esker». Dena den, bertze zenbait pista moldatzea gelditzen dela gogorarazi du zinegotziak eta «lan guziak egiteko diru sail bat lortzen eginahalak eginen ditugu».