Eguberrien ondotik urtarrileko kultur ekitaldiei ekin zaie

Amaia eta Ainhoa 2007ko otsailaren 22a

Neska-mutiko aunitzek parte hartu zuten Olentzeroaren kalejiran. TTIPI TTAPA

Kotto Altzuguren kartzelatik atera zen urtarrilaren 5ean

Eguraldi trixte xamarrarekin baina betiko moduan joan zaizkigu Eguberriak: Eguberri bezperan, arratsaldean, haurrak Olentzero kantari ibili ziren karrikaz karrika eta ondoren, 17:00etan bildu ziren denak elkarrekin kantatzeko. Helduak ere ilunabarrean aritu ziren kantari. Abenduaren 31n, haurrek Glin-glan ospatu zuten, auzoz auzo “glin-glan” abestu eta goxokiak eta bertze gauza aunitz bilduz. Diostesalbea ere ez zen urteko azkeneko egunean faltatu. Eta urte berrian, urtarrilaren 5ean, hau ere Kultur Batzordeak antolatuta, Errege Kabalgata egin zen, banda, trikitilari, trikitilari eta guzi.

Bertzalde, urtarrila transizio hilabetea izaten da kultur ekitaldiei dagokionez, baina hala ere Kultur Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu du: urtarrilaren 13an, adibidez, zine-klubaren barnean, Jean-François Poulioten “La gran seducción” filme kanadiarra emanen da Kultur Etxean 20:30etan eta sarrera, beti bezala, 2 euro kostako da. Isabel Millet ipuin kontalaria ere Kultur Etxean izanen da urtarrilaren 21ean 17:30etan eta haurrentzako ipuinak kontatuko ditu. Hurrengo egunean, urtarrilaren 22an, Joseba Irazoki beratarrak bere azkeneko lanaren kontzertua eskainiko du. “Irri eta solas” diskako kantuak aditzeko aukera izanen da 3 euroren truke 20:00etan. Poesiak ere bere tokia izanen du urtarrilan. Hasier Larretxeak “Bazaudete” liburuxkaren aurkezpena eginen du. Hiru ataletan egonen da banatua ikuskizuna. Lehenengoan poema guztiak “Bazaudete” liburuxkakoak izanen dira, eta bertze bi ataletako poema gehienak berriak izanen dira. Ekitaldi hau urtarrilaren 28an izanen da Kultur Etxean 19:30etan. Eta hilabetearen azken egunean, urtarrilaren 30ean, Iñigo Berasategi eta Jose Mari Goenagaren “Supertramps” haurrentzako zinema ikusteko aukera izanen da 17:00etan, 2 euroren truke. Beraz, ekitaldiak antolatuz urte zaharra agurtu eta urte berriari ongi etorria eman diote Kultur Batzordekoek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun