Joan den ortzegunetik larunbata arte iñauteak izan ziren

Nerea ALTZURI 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Urtero bezala mozorro xuriek antolaturiko egitaraua izan zen hiru egunez

Pasatu dire aurtengo iñautik eta orain bertze herrietako ihauterietan gozatzeko aukera izanen dugu. Aurten hamabortz inguru mozorro gazte, lau soinulariekin izan dira alde batetik; eta bertzetik, herriko eskolako dozenaka gaztetxo ere soinulariekin herrian ibili dira. Haur hezkuntzakoak eta lehen zikloko gaztetxoak herrian ibili ziren ortziralean; eta zaharrenak baserrietan ibili ziren, ortziralean eta larunbatean.

Mozorro nagusiek, baserrietako eta etxeetako puxka biltzea, ortzegun eta ortziralean egin zuten, lau auzoetan eta herri kaxkoan ibiliz bi egun horietan.

Ortziralean, bertso afaria Aterpen eta emakumeen afaria Pabloenean izan ziren. Iaz ez bezala, bertso afaria ortzilin izan da aurten, larunbatean Bertso Eguna zela eta, bertsolari ia gehienek hitzordua Donostian zutelako. Maia eta Legarreta bertsolariek afalondoa alaitu zuten. Larunbatean, haur eta gaztetxoen mozorro desfilea iragan zen arratsaldean eta ondotik, Ekaitza elkartearen ekimenez, pilota partiduak eta afaria izan ziren. Ortziralean eta larunbatean Mikel Salaberri eta Jalisko Band musikari eta musika taldeak dantzaldia eskaini zuten hurrenez-hurren.Hurrengo alean, xehetasun gehiago emanen dizkitzuegu.

9905 zenbakidun errifa

Joan den abenduan errifen zozketa egin zen antzezlanak gozatu bidenabar. Bi zare eder zozketaren osagai izanta, zare baten zenbaki sarituaren errifaren jabea agertu zen, baina 9905 zenbakidun errifa duenik ez da agertu oraindik. Lerro hauek idazterakoan behintzat, 9905 zenbakia duen boletoaren berririk ez dugu jaso. Zare eder bat dago jokoan eta ongi begiratu zuen errifak!! Hilabete bukaera bitarteko epea jarri dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun