Beti Gazte izanen da itzulerako faboritoa

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Bi taldeek puntuak behar dituzte, bata jaitsiera postuetatik ateratzeko, eta bertzea igotzeko aukerak izateko

Larunbat arratsaldean jokatuko da Bortzirietako futbol derbia Gure Txokoa eta Beti Gazteren artean, arratsaldeko 16:15ean, Matzadan.

Bi taldeen arteko denboraldiko bigarren partidua izanen da. Mastegin jokatutako joaneko partiduan, etxeko taldea 4 eta 1 nagusitu zen. Beratarrak aitzinatu ziren markagailuan Irazokiren golari esker, baina ondotik lesakarrek 4 gol sartu zituzten, Saralegi, Irigoien, Mitxelena eta Iriarterenak. Orduan, bi taldeek ere, denboraldi hasiera kaskarra eramaten zuten, eta jausteko postuetatik hurbil ziren.

Geroztik Beratarren egoera gutti aldatu bada, lesakarrek gora egin dute, eta derbia jokatu baino lehen, sailkapeneko bigarrenak dira 35 punturekin. Gure Txokoaren ibilbidea kontrakoa izan da, eta gaur egun jaitsierako postuetan dago, 14. postuan, aitzineko taldea, Ostadar, 6 puntura duela.

Sailkapena ikusiz Beti Gazte izanen da larunbateko faboritoa, baina Gure Txokoa garaipena beharrezkoa du heldu den denboraldia maila berean segitzeko aukerak gordetu nahi baditu. Bertzalde, lesakarrek 3. eta 4. 2 eta 3 puntutara dituzte, beraz ezin dute huts egin preferenteetara igotzeko aukerak segitzen izateko. Egoera ezberdinak badira ere, pentsa daiteke bi taldeen artean oparirik ez dela egonen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun