Ortzegun Gizeneko eskearekin abiatuko dira aurten ere Iñauteriak

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

Otsailaren 6an, igande arratsaldean aterako dira zakozaharrak

Otsailaren 3a izanen da aurten Ortzegun Gizen eta urteroko ohiturari eutsiz, «Arraultze arraultze, zingar arraultze, bat ez bada bertze» eskearekin hasiko dituzte herriko neska-mutikoek iñauteriak.

Lehendabiziko mozorroak otsailaren 5ean, larunbat arratsean ikusiko dira, afal ondoan. Zakozaharrek, frontoiaren gibelaldean belarrez ongi bete ondotik, urteroko ibilbidea osatuko dute igande arratsaldean, musika bandaren laguntzarekin. Beti bezala dantzaldia izanen da plazan.

Astelehen eguerdian lagun koadrila ezberdinek osatutako karrozak ikusteko modua izanen da plaza inguruan. Baserriz baserriko lehendabiziko itzulia astelehen goizean eginen dute Fraindarrek, eginkizun hau xintxo betetzen segitzen duen talde bakarrak alegia. Bertzeentzat egun horretan akautuko dira iñauteak, baina Fraindarrak asteartean ere ibiliko dira Izotzaldean eta herrian. Hauekin parte hartzeko lehenbailehen eman behar da izena Koskillan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun