Iñauteriak otsailaren 3tik 7ra ospatuko dira

Amaia eta Ainhoa 2007ko otsailaren 22a

Larunbatean kaldereroak etorriko dira iragarpena egitera

Aurtengoan, iñauteriak otsailaren 3an hasi eta 7a bitartean luzatuko dira. Ortzegun Gizen egunean haurrak izaten dira protagonista. Goizean goiz mozorroak jantzi eta zingar arraultze eskean ibiltzen dira auzoz auzo. Arratsaldean, 15:15etan eguraldi ona bada, DBH1 eta DBH2ko haurrak, iñudeak eta artzaiak dantzatzen hasiko dira Herriko Etxeko Plazan ibilbidea hasiz. Eztegaran Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailakoak eta haur konpartsa elkartuko zaizkie eta ibilbidea Errekalde Ostatu inguruan bukatuko dute. Ondotik merendua emanen zaie eta 17:00etan Kultur Etxean dantzaldia izanen da. Eguraldi txarra bada, 16:00etan Eztegara pilotalekuan haurren erakustaldia izanen da, iñude eta artzaiek dantzatuko dute eta ondotik merendua emanen zaie. Kultur Etxeko dantzaldia mantenduko da. Otsailaren 5ean, larunbatean, Kaldereroak etorriko dira iñauteriak iragartzera. Kasu honetan, eguraldi ona bada, Kaldereroak Herriko Etxeko Plazatik abiatu eta Altzateraino joanen dira, bertan bikote baten ezkontza ospatu eta baratxuri zopa dastatzeko aukera izanik. Eguraldiak ez badu laguntzen, aurreko urtean bezala ibilbidea hau izanen da: Ricardo Baroja Eskola-San Jose Zahar etxea- Altzate.

Igandean, goiz goizetik iñudeak eta artzaiak ibiliko dira herri guztian beraien kantuak eta dantzak eskainiz. Astelehena iñauteritako egun handia da eta goiz goizetik gazte eta helduak zingar arraultze eskean ibiliko dira. Arratsaldean, aldiz, 6etatik 10etara Sugarri Fanfarrea ibiliko da karrikak alaituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun