• Nafarroako Gobernuak euskararendako dirulaguntzak %40 murriztuko ditu aurten. Hori dela eta, eskualdeko hainbat gizarte erakunde eta euskalgintzako enpresa egoera larrian geldituko dira.
• Bortzirietako IKA euskaltegian, ikastola eta komunikabideetan bezala, modu ezberdinak bilatu beharko dituzte aurrekontua aitzinera ateratzeko.
• Beñardo Goietxe, Mentxu Peña eta Igor Portuk eman digute egoeraren berri.
Nola eraginen du euskaltegietan Nafarroako Gobernuak 2005erako aurreikusi duen dirulaguntzaren murrizketak?
Dirulaguntza hirutik batera jautsiko da, murrizketa nabaria da. Iaz euskaltegiek 529.000 euroko dirulaguntza izan bazuten, aurten 180.000 eurokoa izanen da. Murrizketa handi horrek eragina izanen du gure funtzionamenduan. Diru-iturri eta finantziabide garrantzitsua ixten zaigu eta funtzionamendurako dirua behar dugu.
Dirulaguntza guttiagorekin nola eginen duzue aitzinera? Nola emanen diozue buelta egoera berriari?
Aitzinera nola eginen dugun ez dakigu, hori denborarekin ikusi egin beharko da eta oraintxe ari gara horretan pentsatzen. Kontua da guk hiru diru-iturri nagusi ditugula euskaltegian: alde batetik, ikasleak berak ordaintzen duen matrikula, bertze aldetik mankomunitateak ematen digun dirulaguntza eta azkenik, Gobernukoa. Gobernuak ematen diguna hirutik batera murrizten bada, ikasleek ordaintzen dutena eta mankomunitateak ematen duena gelditzen zaigu. Faltako den zati horri nola eginen diogun aitzinera IKA guziak eta AEKk, denok elkarrekin aztertu eta ikusi beharko dugu. Diru hori lortzeko zein neurri hartu behar diren aztertu beharko dugu, gainera ez baitakigu aurtengo kontua izanen den edo ez. Urte bateko kontua izanen balitz nolabait diru hori ateratzen saiatuko gara nonahitik, baina luzerako baldin bada ikusiko dugu. Nafarroako Gobernuak egin beharko lukeena, eta egiten ez duena, udalek hartzen dute bere gain, Mankomunitatean bortz herriak sartuak baitaude. Beraz, murrizketa hau herritar guztioi egiten zaigun kaltea da.
Orain arte zenbateko dirulaguntza jasotzen zenuten?
Zenbateko zehatza zaila da ematea baina ikasle-orduko kopuru bat ematen zuten, normalean eurora ere ailegatzen ez zena. Baina diru saila kopuru batera ailegatzen da eta IKA eta AEKko euskaltegien artean banatu behar da. Ikasle gehiago baldin badaude diru kopurua ez da igotzen.
Matrikulazio kanpaina ere ireki duzue otsailerako…
Bai, urtero bezala bigarren matrikulazio kanpaina irekiko dugu urtarrilaren 28tik otsailaren 11ra. Maila guztiak eta EGA eskaintzen ditugu, euskara ikasi eta hobetu nahi duen guztiarentzat.
Etorkinekin ere lan egiten duzue…
Bai, bertze edozein ikasle bezala hartzen ditugu. Badugu etorkinen bat edo bertze, baina talde ezberdinetan banatuak daude, normalean beheko mailetan. Aurten lauzpabortz etorkin baditugu, joan den urtean talde berezia ere izan genuen eta talde hartatik batzuk segitu dute eta bertzeak ez dira animatu. Normalki gaztelania menperatzen dutenez, edozein ikasleren prozesua egiten dute, zerotik hasten den hemengo edozein ikaslek bezala.