Aintzineko alean ihauteriei buruzko zenbait xehetasun eman genizkizuen. Informazioa osotuxeagoa jaso dugu oraingoan eta batez ere, ortziralean eta larunbatean, urtarrilaren 21ean eta 22an izaniko zenbait ekintzei buruzko aipamena eginen dugu. Ortziralean mozorro xurien eta gaztetxoen etxez-etxeko itzulixkak eta puxka biltzeak izan ziren. Arratsean ia ehun lagunek bertso pila ederra entzun zuten Jon Maia eta Xabier Legarreta bertsolarien eskutik afalondoan. Goizalderarte luzatu zen bertso besta eta herritarrak eta herritarrak ez direnak bildu ziren saltsan. Aterpera etorritako AEKko taldean Juan Martinez de Irujo eta Eulate pilotariek ere herriko iñauteak ezagutu zituzten. Bertzalde, berrogei bat emakumek Pabloenean afaldu zuten eta Mikel Salaberriren dantzagarriekin gorapean giro ederra paratu zuten.
Biharamunean, larunbat arratsaldean, haurren mozorro desfilea eta guratso elkarteak prestaturiko berendua izan ziren. Ondoren, mezondoan, Ekaitza elkarteak antolaturiko pilota partidak izan ziren. Pilota txapelketako 3. eta 4. postuak eta finala jokatu ziren. Honako pilotari hauek parte hartu zuten: Txapelketan Ander eta Xabier Agesta anaiak aritu badira ere, ihauterietako larunbatean, Xabier Larretxea Anderren ordez aritu zen. Horrela laugarren postua Xabierren bikoteak lortu zuen. Hirugarren postuan, Eneko Ordoki eta Joseba Pikabea gelditu ziren, nahiz eta txapelketan bezala Imanol Mitxelena eta Joseba Madariaga izan aritzekoa zena. Finaleko partiduan, Daniel Iparragirre eta Xabi Elizaldek, 22 eta 18 irabazi zioten Jabiertxo Iparragirre eta Joxe Agustin Goñi bikoteari.Ondotik, errifen zozketaren txanda izan zen: Telebista Martixinekobordara joan zen; Urdaiazpikoa Bordaberrira eta oilaskoak berriz, Maixe Lukanbiok eskuratu zituen. Gero elkartean, 50 bat lagunek afaldu zuten. Arratsez eta goizaldera bitarte era guzietako mozorroak izan ziren aurtengo ihauteriei bukaera emanez.