Kultur Etxearentzako dirulaguntza falta salatu du Onin udal taldeak

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

Deñe Abuin eta Gabi Igartzabal zinegotziak keju agertu ziren Nafarroako Gobernuak Kultur Etxearen inguruan izan duen jarrerarekin. TTIPI TTAPA

Gaia Nafarroako Parlamentura eraman nahi du PNVko Etxegaraik

Onin Udal taldeak Lesakako herriak Nafarroako Gobernutik Kultur Etxearekin «pairatutako engainua eta tratua» salatu nahi izan ditu, Deñe Abuin eta Gabi Igartzabal zinegotziek eskainitako prentsaurreko baten bidez. Oninen ustez, «Udalak Gobernuak berak errandakoari segitu dio, 70 milioi pezeta gastatzeraino, adreilu bakar bat paratu gabe, eta Gobernuak inolako konpromisorik hartu gabe». Oninek jakinarazi zuenez, «2005. urtean Udalak ez du inolako laguntzarik jasoko, ez liburutegia egiteko, ez Kultur Etxea egiteko». Udal taldearen ustez argi dago «Lesaka ahantzia dutela eta entzun gaitzaten lan egin behar dela». Horretarako, Corpas kontseilariarekin bilera baten zain daude eta dei egin diote PNV-EA taldeari eta bereziki alkateari Iruñera gehiago joateko eta udal gaien gainean gehiago egoteko.

Onineko kideek kultur etxe egitasmoaren historia aipatu zuten. Honela, proiektuaren lehen urratsak 2000. urtean eman ziren. 720 milioi pezetako aurrekontua zuen proiektu hura ez zuen begi onez jo Vianako Printzea erakundeak, eraikina bere osotasunean mantentzeko beharra azpimarratu baitzuen. Aldaketa batzuk egin ziren eta proiektua 950 milioitara joan zen. Oninen erranetan, «une horretan izan zuten Lesakako kultur taldeek Kultur Etxearen proiektuaren berri, ordura arte ez baitzen inolako harremanik eduki eurekin, behin eta berriz kultur etxe baten premia aldarrikatuta ere, eta horien diseinuan parte hartzeko eskaria eginda ere». Onin proiektu honen kontra agertu zen, «udalak 650 milioi inguru jarri beharko lituzkeelako, musika eskola proiektutik kanpo gelditzen zelako, herriko kultur taldeekin harremanik izan ez zelako eta ingurugiroarekiko eragina hagitz handia» zelako. Iruñan ere lekuz kanpokotzat jo zuten aurrekontu hori eta gauzatzeko ezintasuna adierazi zuten. Kultur taldeekin bildu ondotik, 600 milioi pezetara murriztu zen proiektua. Kultura Departamentuko Ondare, Kultura eta Liburutegietako zuzendaritzen artean hitzarmena sinatzeko aukera aurkeztu zen, %50eko dirulaguntza bideratuz. Udalarentat kopuru eramangarria litzateke hau, baina aurten dirulaguntzarik ez da izanen. Gai hau Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordera ere eraman nahi du PNVko Jose Luis Etxegaraiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun